Gabonetan jarduera askotan murgilduta egoten da Gero; Zorroagako jaialdian, San Tomas egunean, Olentzeroren etorrera-ekitaldian… 

 Jarduera horietarako guztietarako, baserritar jantzia ezinbestekoa da, eta ahalik eta hoberen janzteko asmoz, #dotorejantzi ekimena abiarazi genuen duela urte batzuk.

Honen barruan egiten ditugun ekintzen artean, buruko zapia jartzeko ikastaroa nabarmentzen da, eta aurten, Urbilen egin dugu. Ekintza horretan egoera berezi batekin egin dugu topo: taldeko hiru belaunaldi elkartu gara. Batetik, taldearen sortzailetako bat dugu; bestetik, lehen belaunaldiko dantzari ohi bat eta egungo bazkidea; eta azkenik, Gerorekin batera jaiotako dantzari bat.

Jakingo duzuenez, Gero ez da dantza-eskola bat bakarrik, beste horrenbeste arlo ere jorratzen ditu. Eta antolatzen dituen ekintza guztiak aurrera atera ahal izateko, behar-beharrezkoa da bazkideen/boluntarioen laguntza.

Askotan pentsatzen dugu, bazkide/boluntario izateko, dantzarekin loturaren bat izan behar dugula, baina ez du zertan horrela izan behar, Geroren proiektua, dantzariez gain, bazkideen eta boluntarieon lankidetza eskuzabalari esker gauzatu daiteke, eta dantzarekin zerikusirik ez duen beste edozein esparrutan parte hartzeko aukera ematen du.

Zuk ere taldearen parte izan nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan, posta elektronikoz, telefonoz edo gure sare sozialen bitartez.

FaLang translation system by Faboba