Udazkenarekin batera, buru-belarri jarri gara lanean Gero Axular taldean, josten eta dantzan.

Jada martxa betean ditugu dantza-eskolako talde guztiak, HH5etik hasi, eta helduak bitartean. Guztiak ilusioz beterik, eta haien onenak emateko prest, besteak beste, ikuskizun berriaren prestakuntzan.

Horrez gain, ekintza ugaritan hartuko dugu parte hemendik Gabonetara bitartean: ezkontzak, kongresuak, Zorroagako aitona-amonentzako harrera, San Tomaseko txorizo-saltokia, Aieteko Olentzeroa, Erdialdeko Olentzeroa eta abar.

Aldi berean, #dotorejantzi ekimenaren barruan, lehen diseinu-ikastaroa hasi dugu Aiete Kultur Etxean. Hamar emakumek gogotsu ekin diote jantzi tradizionalak diseinatu eta josteari. Gainera, ikastaroak iraun bitartean, erakusketa txiki baina ederra jarri da kultur etxean bertan.

Halaber, ekimenean lankide diren bi dendek #dotorejantzi zigilua lortuko dute: Art Estilistas ile-apaindegiak eta Eder Labores oihal-dendak. Izan ere, arduraz zaintzen dituzte jantzi eta orrazkera tradizionalen berezko ezaugarriak.

Baina bada beste kontu berririk. Pozarren jakinaraz dezakegu dagoeneko prest dagoela Dotoretruk, bigarren eskuko baserritar jantziak eta osagarriak online saltzeko eta erosteko azoka txikia.

Azkenik, badaude laster iragarriko ditugun beste kontu batzuk.

Ageriko denez, udazken-haizeak ez gaitu makaldu.

FaLang translation system by Faboba