#dototrejantzi ekimenaren helburu nagusietako bat euskal tradizioa mantentzea eta zabaltzea da, eta, euskal dantzako talde garen heinean, zaintzeko eta errespetatzeko erantzukizuna dugu. Musikaz eta dantzaz gain, janzkera ere gure tradizioen barne dago. Urtean zehar hainbat egunetan janzten ditugu gure jantzi tradizionalak; esaterako, Agate Deuna bezperan, Euskal Jaietan, San Tomas egunean, Gabonetan… Ez gara mozorrotzen, antzina janzten ziren moduan janzten gara, gure arbasoen jaiak ospatzeko.
Baserritar jantzia landuko dugun atal honen helburua da gure ezagutzak partekatzea bai taldekoekin bai taldean ez daudenekin, ondo janzteak duen garrantzia uler dezaten eta ondo janzten laguntzeko. Horretarako, baserritar jantzien inguruko informazioa eskaintzeaz gain, ondo janzteko beharrezko baliabideak eta aholkuak emango dizkizuegu.
Ezer baino lehen, azpimarratu nahi dugu baserritarrez janzten garenean, ez garela mozorrotzen ari. Hain zuzen ere, gure arbasoak janzten ziren moduan janzten gara; horregatik, harrotasun eta errespetu osoz jantzi behar gara.
Gure arbasoak behartsuak ziren, eta egun osoa ematen zuten baserrian lanean. Txukunak eta garbiak izateaz gain, asko zaintzen zuten janzkera. Beraz, guk ere hala egin behar dugu.
Diru askorik ez zutenez, etxean zuten guztia aprobetxatzen zuten: maindire-zatiak, mahai-zapiak… janzteko balio zien guztia erabiltzen zuten.
Oihalak erosi behar zituztenean, ez zuten aukera askorik. Merkatariak herriko dendara iristen ziren, eta hirietatik ekarritako ehunak uzten zituen. Ehunak zuntz naturalekoak izaten ziren (esaterako, kotoia edo lihoa), eta estanpatu eta kolore askotakoak ziren (marradunak, loredunak, laukidunak…). Hala ere, beltza gordetzen zuten ezkontzetarako eta dolu-aldietarako.
Erosten zituzten oihalekin eta baserrian egiten zituzten lihozko ehunekin egiten zituzten beren jantziak. Egunero erabiltzen zituzten landan, eta horretarako eginak zeuden. Ez ziren jantzi konbinatuak izaten; izan ere, lehen aipatu dugun moduan, ez zuten ehunak erosteko aukera askorik.
Gizonezkoen zein emakumezkoen jantziak aztertu baino lehen, zera gogorarazi nahi dizuegu: hitz egingo dizuegun jantziak XVIII. mendeko bigarren erdia eta XX. mendeko
Zer da #dotorejantzi?
Gero Axularren ekimen bat da. Donostiako dantza-talde bat da Gero Axular, eta dantza eta musika tradizionalen ikuskizunetako jantziei jartzen dien ardurak bereizten du.
Ahalegin handia egin eta diru asko inbertitzen du jantzietan; guztira, 60 jantzi-diseinu baino gehiagoko 3.000 janzki baino gehiago ditu, eta guztiak daude Euskal Herriko jantzi tradizionalean oinarrituta, eta xehetasun guztiak ondo-ondo zainduz.
Hain da handia gaiaren inguruan duen kezka, non taldeko dantzariekin gauzatzen dituen jarduera orokorren barruan, sartu egiten baititu formakuntza-jarduerak, hala nola jantziari buruzko ezaugarriak eta jantzia bera nola erabili ikasteko tailerrak.
baserritar jantziak
Emakume eta gizonek oinetako berdinak erabiltzen zituzten.
Baserrian lanean ari zirenean, abarkak erabiltzen zituzten, orkatilan lotuta. Hasieran, larruzkoak ziren; aurrerago, gomazkoak. Gizonek galtzen gainetik jarri ohi zituzten galtzerdiak, barrena babesteko eta ez zikintzeko.
Mantarrak ere erabiltzen zituzten, galtzak babesteko. Berna inguratzen zuten mantarrarekin eta abarkaren lokarriarekin heltzen zuten.
Baserritik ateratzen zirenean, herrira edo hirira joateko, alpargatak janzten zituzten, orkatilan lotuta. Alpargatak zuriak izanez gero, galtzerdi beltzak janzten zituzten. Alpargatak beltzak baziren, ordea, galtzerdiak zuriak ziren. Udan kotoizko galtzerdiak erabiltzen zituzten; neguan, aldiz, artilezkoak.
Emakumezkoek zetazko nahiz kotoizko galtzerdiak erabil zitzaketen; motzak zein luzeak.
Egun berezietan, gizonezkoek lokarridun larruzko zapata beltz klasikoak erabil zitzaketen; eta emakumeek, zapata edo botin beltzak.
Gizonezkoek txapela erabiltzen zuten beti, eta hiru kolorekoa izan zitekeen: beltza, urdina edo gorria.

Emakumezkoek ilea jasotzen zuten beti, eta zapiak hainbat motatakoak izan zitezkeen:
- Alargunek zapi beltza erabiltzen zuten
- Haurrek eta ezkongabeek zapi koloretsuak jartzen zituzten: loredunak, marradunak, tantodunak…(ez zuten beti zapia jartzen)
- Ezkonduek zapi zuria erabiltzen zuten

Beharbada zaila dirudi zapia jartzea, baina praktika pixka bat besterik ez da behar.
Bideo honetan, zapia nola jarri erakutsiko dizuegu:
2 orria 2 orritik

