Abenduaren 5etik 8ra, Durangoko Azokan izango da Gero Axularrek egin eta Alai Argitaletxeak argitaratu duen Harrotasunez, ez harrokeriaz liburua. Gai nagusia euskal jantzi tradizionala da, eta testuinguru historikoa emateaz gain, jantzia osatzen duten piezak aztertzen dira bertan. Liburua erosi nahi baduzue eta Durangoko Azokara joaterik ez baduzue, idatzi posta elektronikoz.

Donostia Kulturarekin elkarlanean antolatu ditugun ekintzei dagokienez, abenduaren 14an, tamalez, euskal jantzia josten ikasteko lehen diseinu-ikastaroa amaituko da. Ikastaroan parte hartu duten 10 emakumeak gogotsu aritu dira, eta jantzi ederrak egin dituzte. Gainera, beste ikastaro bat egitea gustatuko litzaieke, beraz, lanean hasiko gara antolatzeko!

Horrez gain, Aiete Kultur Etxean zegoen erakusketa kenduko dugu. Hala ere, izango duzue aukera beste erakusketa bat ikusteko. Izan ere, jantzien erakusketa bat antolatu dugu Kutxa Kulturrekin elkarlanean. Ikusgai egongo da abenduaren 17tik 26raKutxa Kultur Plazan (Tabakalerako 4. solairuan).

 

Bestalde, Kutxa Kulturrekin lankidetzan eta Ainhoa Larrañaga Goazen telesaileko aktorearen laguntzaz, baserritar jantziaren inguruko topaketa bat egingo dugu, eta zapia jartzen eta abarkak lotzen ikasteko tailerrak egingo ditugu. Abenduaren 20an izango da hori, Kutxa Kultur Plazan, baita ere.

Hilabeteari agur esaten hasteko, abenduaren 21ean, San Tomas egunean alegia, Baserritar Jantzien III. Lehiaketa egingo dugu Boulevardeko kioskoan. Lehiaketa 11:30ean hasiko da, eta bakarka nahiz familian parte hartzeko aukera dago. Gogorarazten dizuegu dagoeneko irekita dagoela lehiaketan izena emateko epea (egin klik hemen).
Animatu eta erakutsi zuen jantzi ederrak!

Oraindik jantzia osatu gabe badaukazu, sartu Dotoretruk atarian. Bigarren eskuko baserritar jantziak eta osagarriak online saltzeko eta erosteko azoka honetan, baserritar jantziarekin zerikusia duten produktuak aurkituko dituzu. Abarka handiagoak behar badituzu, esaterako, behar ez dituzunak saldu eta bilatu zure neurrikoak. Oso erraza da erabiltzailea sortzea eta iragarkiak sortzea, gainera, Geroko kideak Intranetera sartzeko erabiltzaile eta pasahitza erabil ditzakete atarian.

 

Abenduaren 22an, urtero bezala, Gabonetako jaialdia eskainiko dugu Zorroagan. Gero, Puiotik atera eta Hiru Damatxo plazaraino joango gara Olentzerori harrera egiteko.

Azkenik, abenduaren 24an, Donostiako erdigunean, Olentzeroren desfilean parte hartuko dugu. Eta, zapiak jartzeko zailtasunak badituzue edo baserritar jantziari buruzko zalantzak argitu nahi badituzue, udaletxeko terrazan izango gara laguntzeko prest.

FaLang translation system by Faboba