#dotorejantzi indarberriturik dator udako jardueren ostean.

Duela gutxi, urriaren 19an zehazki, martxan jarri zen euskal jantzien lehen diseinu-ikastaroa Aieteko Kultur Etxean.

10 emakumek gogotsu ekin diote jantzi tradizionalak diseinatu eta josteari. Haien gidari, jantzi tradizionalen diseinatzaile bat eta jantzi tradizionalak josten esperientzia luzea duen jostuna.

Talde polita osatzen dute parte-hartzaileek, eta ez dute falta ikasteko interesa eta euskal jantzienganako maitasuna. Haien artean, Bizkaitik Donostiara datorren lagun bat ere badugu.

Lehenik, #dotorejantzi ereduaren berri eman zitzaien, eta jantzia diseinatzeko lehen urratsak egin zituzten, jantzia osatzen duten hainbat pieza egiten hasteko.

Ikastaroak abendura arte iraungo du. Bitartean, erakusketa txiki baina ederra jarri da kultur etxean bertan. Animatzen zaituztegu bisita egitera!

Halaber, ekimenean lankide diren bi dendek #dotorejantzi zigilua lortuko dute: Art Estilistas ile-apaindegiak eta Eder Labores oihal-dendak. Izan ere, arduraz zaintzen dituzte jantzi eta orrazkera tradizionalen berezko ezaugarriak.

Baina bada beste kontu berririk. Pozarren jakinaraz dezakegu dagoeneko prest dagoela Dotoretruk, bigarren eskuko baserritar jantziak eta osagarriak online saltzeko eta erosteko azoka. Seguruenik etxean baserritar jantziko osagaiak izango dituzu, abarkak, zapiak, kaikuak... Saldu nahi dituzu? Bada, sartu atarian, sortu kontua eta egin iragarkia. Produktuaren argazki bat igo beharko duzu, eta deskribapen labur bat jarri. Horrela, produktu horren bila dabilenak erraz aurkituko du. Gero, eroslea zurekin jarriko da harremanetan, plataforma erabilita.

Gero Axular dantza-taldeko kideek ez dute konturik sortu beharko, Intranetean sartzeko erabiltzaile-izena eta pasahitza erabili ahalko dute.

Laster iragarriko ditugu ekimen honen testuinguruan prestatzen ari garen ekintza berri batzuk.

Ageriko denez, udazken-haizeak ez gaitu makaldu.

FaLang translation system by Faboba