Donostiako danborradak azken urteotan indarberritze nabarmena ezagutu du, besteak beste, emakumeek festan izan duten esku-hartze aktibo eta zabalari esker. Emakumeak figura eta zeregin ezberdinak betetzen dituzte Donostiako danborradan, baina, zalantzarik gabe, urketariarena da guztien artean enblematikoena.

Historialari askok uste dutenaren arabera, danborrada, sorburuz, Inauterietako konpartsa gisa jaio zen, eta, beste konpartsa arrakastatsu batzuen kasuan bezala (Kaldereroena edo Iñude eta Artzaiena, adibidez), denboraren joanarekin, neguko jaien egutegiaren egun jakin batean ateratzen da kalera. Danborradaren kasuan, urtarrilaren 20a da egun hori: San Sebastian eguna, alegia.

Danborradaren historia luzean zehar emakumeek modu ezberdinetan hartu dute parte bertan eta modu ezberdinetan izan dira irudikatuak XIX. mendeko Donostia gogora ekartzen duen ekitaldi honetan. Izan ere, kontuan izan beharra dago , adibidez, “danborrada” inauterietako konpartsa hutsa zen garaian jada bazirela emakumeen konpartsak ere.

Baina danborrada San Sebastian egunera ekarri zenean, emakumearen bi irudi baino ez ziren txertatu desfilean: kantinerarena eta banderariarena. Beraz, emakumearen parte-hartzea oso mugatua zen, bai kopuruaren aldetik eta baita protagonismoaren aldetik ere. Emakumearen beste figura aipagarri bat Easo Ederrarena da. Inauterietan hiriko gremio eta konpartsa guztien ordezkari izateko hautatzen zena.

45687186331 058dc630ec z

1970eko hamarkadan zehar, danborradaren festa zabaldu eta berrindartzearekin batera, emakumeak ere hasi ziren danborradan jotzen ateratzeko aukera eskatzen. Lehen talde mistoa 1980. urtean atera zen kalera Kresala Elkartearen eskutik. Urte hartan emakumeek soldadu jantzia eraman zuten. Egun horretan bertan istiluak izan ziren, horren kontra zeudenek bultzatuta. Era berean, eztabaida bizia piztu zen hirian emakumeek danborradan izan zezaketen parte-hartzearen inguruan.

Baina 1981ean beste proposamen bat egin zuten haien parte-hartzea ikusgarriago egin, eta emakumeek tokia aldarrikatzeko: urketariaren figura proposatu zuten. Izan ere, iturrien inguruan okin edo sukaldarientzat ur bila joandako mutilez eta soldaduez gain, beti biltzen ziran ur bila joandako etxekoandre eta neskameak ere, urketariak, alegia. Hori horrela, ikuspegi historiko eta etnografikotik oso koherente ikusi zen danborradaren osaera figura horren bidez zabaltzea.

Geroztik, emakumeek toki ezberdina izan dute danborradaren arabera. Zenbait konpainiatan, militar zein sukaldari jantzita ateratzen dira; adibidez, haur danborradan. Beste batzuetan, berriz, emakumezkoentzako berezko militar jantziak berreskuratu dira (Vivandière jantziak), baina, zalantzarik gabe, urketariarena da arrakasta handiena izan duen irudia.

Urketarientzat aukeratu zuten jantzia ez dago, izatez, lanbide edo ofizio zehatz bati lotuta. Aitzitik, jantzi hori oinarritu zen XIX. mendean Donostiako emakumeek eguneroko zereginetarako erabiltzen zuten janzkeran. Hori dela eta, urketarien jantziak aukera asko onartzen ditu. Dena den, baditu oinarrizko ezaugarri batzuk:  gona luzeak, mantala handiak, garaiko oinetakoak eta zapia buruan. Hotzetik babesteko, berriz, ehunezko jaka, jipoia nahiz mantoi handia erabiltzen zuten. Eskuarki, urketariek ez dute danborra edo upela jotzen, suila baizik, alegia, buruan ura garraiatzeko eraman ohi zuten ontzia.

Urketari jantzia eramateko jarraibideei dagokienez, kontuan hartu behar da jantzi hau baserritarrarenaren antzekoa zela ber funtsezko eitean. Hori horrela, urketari jantzia diseinatzeko eta janzteko orduan kontuan hartzekoak lirateke baserritar jantzia egoki janztekoak ere. Informazio  gehiago nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.dotorejantzi.geroaxular.eus. Eta inolako zalantzarik izanez gero, helbide honetara idatzi, eta gogo onez lagunduko zaitugu: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko..


Gehiago jakiteko:


Donostiako Danborrada:

Emakumeak danborradan:

FaLang translation system by Faboba